Berriak
Atzealdea Urola Kosta: kalitatezko helmuga turistiko jasangarria
2022·05·10
Donostiako Aquariumean egindako agerraldian aurkeztu da Urola Kosta eskualdeko 2022ko turismoa sustatzeko kanpaina. Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko lehendakariak iragarri duenez, eskualde mailako lanketak helburu bikoitza izan du: “eskualdekoa bost herrietako turismo eskaintza osatzea eta Urola Kostako helmuga-turistiko erakargarri bezain jasangarri gisara kokatzea”.
2022ko sustapen kanpainak eskualdearen erakargarritasun turistikoak balioak jartzen ditu; bertako esperientziak, jendea nahiz ingurune eta naturagune bikainak lehen lerrora ekarri eta kanpotar eta bisitarien gozamenerako eskura jarriz. Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren 500.urteurrenaren testuinguruan diseinatu da eta “Elkano Kosta: ezagutu gure lurraldea” proiektua du ardatz.
Urtemuga berezia, proposamen berritzailea
Eskualdeko turismo sektorea indartzen eta sustatzen jarraitzeko, Elkanoren mundu biraren urtemuga berezia izan da aurtengo abiapuntua. Salsamendik adierazi duenez “urtemuga bereizia izanik, proposamen berritzailea” egin nahi izan da. Hortik jaio da “Elkano Kosta: ezagutu gure lurraldea”. Urola Kostako Udal Elkartetik landu da proiektua, eskualdeko bost udalerrietako (Aia, Getaria, Orio, Zarautz, Zumaia) turismo zerbitzuekin eta sektoreko hamar bat enpresekin elkarlanean. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako egitasmoa da. “Elkano Kosta: ezagutu gure lurraldea” egitasmoaren bitartez, kalitate goreneko 13 esperientzia turistikoz gozatzeko aukera eskainiko zaie bisitariei.
Erakunde publikoen eta enpresa pribatuen artean jorratutako bide emankorraren ondorio da egitasmoa. Egindako “lana, elkarlana eta lankidetza” azpimarratu nahi izan ditu Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak; eskualdeko turismorako dinamizazio mahaian egindako lana nabarmenduz eta bertan parte hartzen duten sektoreko enpresa eta eragileei publikoki “aitortzarik zintzoena” eginez.
“Hemendik aurrera ere, Urola Kostako Udal Elkartetik, norabide berean, gaur honaino ekarri gaituen lankidetza publiko-pribatuaren formularekin jarraitzeko konpromisoa” berretsi nahi izan du Lourdes Salsamendik.
Kanpaina dinamiko eta interaktiboa
Lourdes Salsamendirekin batera, eskualdeko dinamizazio mahaiaren izenean Begi Bistan eta Arazi enpresetako ordezkariek azaldu dituzte proiektuaren nondik norako nagusienak. Kanpainaren izaera dinamiko eta interaktiboari esker, bisitaria hobeto ezagutzeko eta, ondorioz, eskualdeko baliabide turistikoak hobetu ahal izateko aukera izango da. Arazi enpresako Xabier Fernandez kudeaketa eta turismo proiektuetako teknikariak adierazi duenez, “helburu nagusia eskaintza bateratu baten berri ematea da, eskaintza desestazionalizatzeko eta udalerrien arteko lotura bultzatzeko”.
Eskaintza bateratu bezain anitza da; ostatu- eta jatetxe-eskaintzatik hasi, hainbat tour edota hondartzez, ibaiez, flyschaz, kulturez edo hirigune historikoez gozatzeko aisialdi- eta turismo-esperientzietaraino. Sektoreko agentzia, enpresa eta herrietako turismo bulegoetan eskuratu daitekeen esku-orriko QRaren bidez, bisitariek esperientzietako batez gozatzen ari direla erakusten duten argazki bat bidali beharko dute. “Parte hartzaile guztien artean 500€ko balioa duen egonaldia zozketatuko da; bisitaria fidelizatu eta berriz ere Urola Kostara etor daitezen sustatzeko” azaldu du Fernandezek.
Askotariko turismo aukerak: hizkuntza, itsas-gastronomia eta Elkanoren legatua
Edozein kasutan, “Elkano Kosta” ez da aurrera eramango den egitasmo bakarra. Sustapen-jarduna aurrera eramateko, Salsamendiren hitzetan “gainerakoekiko bereizten gaituzten eta berezi egiten gaituzten alorrak” garatzen jarraituko du Udal Elkarteak. Ildo horretan, aurten ere jarraipena izango duten 3 ekimen azpimarratu ditu Salsamendik.
Alde batetik, Ongi Etorri Euskararen Herrira; turismoan, euskarari dagokion balioa eman eta Urola Kosta bezalako gune turistiko euskaldunek euskararen biziraupenaran duten garrantziaz jabetuta landutako proiektua. Aurtengoan ere jarraipena izango du ekimenak “sinetsita baikaude gurera datozenei gure izaera eta nortasuna ikusaraztea dela eskaintzeko dugun balio-erantsirik benetakoaena” adierazi du Salsamendik.
Bestetik, dagoeneko erabat errotuta dagoen Kosta Gastronomikaren baitan, abian jarriko dira urtez urte eskainitako Esperientzia Gastronomikoak: eskualdea herriz herri dastatzeko, bizpahiru esperientzia eskainiko dira herri bakoitzean.
Azkenik, Elkano Kosta egitasmoaren baitan kokatzen den, baina iaztik martxan den “Elkanoren talaia: itsas irteera gidatuak” proiektuarekin, Elkanoren legatua ezagutzeko aukera eskainiko da. Turismo aktiboaren bidez, “Getariatik haratago joan eta eskualdeko bost udalerriak elkartu nahi izan ditugu itsasoarekin lotura estua duen gure kultura eta itsas-ondarea ezagutaraziz” azaldu du Violeta Bandrés begi Bistan enpresako gida turistikoak.