Berriak
Atzealdea Urola Kostako ekintzaileek proiektuak martxan jartzeko laguntza osoa dute Udal Elkartean
2024·07·26
Negozio-ideia garatu eta norbere enpresa sortzeak abantaila ugari ditu, zeure buruaren jabe egin eta pasio duzun jarduera horretan bizi proiektu bat eraikitzeko aukera eskaintzen baitizu.
Errealitate horren jakitun, Urola Kostako Udal Elkarteak enpresa sustapeneko zerbitzuaren bitartez proiektuak martxan jartzeko laguntza osoa eskaintzen die eskualdeko herritarrei eta eskualdean negozio berri bat abian jarri nahi duen ekintzaile orori, hain zuzen ekintzailetzarako pauso bakoitzean lagunduz. Hala, zerbitzu honek baliabide aukera zabala eskaintzen du:
- Aholkularitza eta informazioa: sektoreari buruzko informazioa, forma juridiko aproposena, zerga eta lan arloa, baimenak...
- Bideragarritasun plana: negozioaren bideragarritasuna aztertzen lagunduko dizugu.
- Dirulaguntzak: zure egitasmoari ondoen egokitzen zaizkion dirulaguntza deialdiak bilatu eta eskabideak egiteko laguntza.
- Prestakuntza: enpresa kudeatzen laguntzeko ikastaroak (aurrez aurre eta on-line).
- Finantzaketa iturriak bilatzeko laguntza: egitasmoari ondoen egokitzen zaizkion finantzaketa iturriak bilatzeko laguntza.
Hori horrela, enpresa sustapeneko zerbitzuari esker, eskualdean gero eta ekintzaile gehiago ari da enpresa-ideiak egia bihurtzeko urratsak ematen, Urola Kostako ehun ekonomiko eta soziala sendotuz. Zerbitzu honetatik pasa eta errealitate bilakatu diren enpresa ideia horietako bi dira, adibidez, Zumaiako Belea jatetxea edota Zarauzko MUT arropa denda.
EKITEN, Ekintzaile eta Enpresarien Ekosistema
Gure bailaran (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) ekintzaile eta enpresari asko ari dira proiektuak gauzatzen eta negozioak eta enpresak aurrera ateratzen, hitz batean, gure eskualdeari onura ekonomiko eta soziala ekartzen. Hori horrela, "Ekiten, Ekintzaile eta Enpresarien Ekosistema" egitasmoaren bidez, ekintzaile eta enpresarien lana azaleratu eta ezagutzera eman nahi dugu, beren arteko harremana sustatu eta laguntza eta baliabideak eskainiz, izan ditzaketen beharrei erantzuteko.
Ekintzailetzarako bidean bidelagun
Urola Kostako Udal Elkartearentzat ekintzailetza funtsezkoa da. Enpresa sustapeneko zerbitzuaren laguntzarekin, ekintzaileek hasierako oztopoak gaindi ditzakete, eta beren proiektuak gauzatzeko konfiantzaz egin dezakete aurrera. Udal Elkartea bidelagun da prozesu guztian zehar eta aholkularitzarik edo baliabiderik ez izateagatik baliozko ideiarik bidean geratzen ez dela ziurtatzen du.
Enpresa sustapeneko zerbitzua Udal Elkartearen Garapen Agentziaren baitan kokatzen da eta Udal Elkartearen egoitzan eskaintzen du arreta, astelehenetik ostiralera, 8:00-14:00 bitartean, aurretiazko hitzorduarekin. Horrez gain, interesdunak enpresasustapena@urolakosta.eus helbidera idatzi edota 943 89 08 08 telefonora dei dezakete.
Urola Kostako Udal Elkartea, Lanbide eta Foru Aldundiak homologatutako erakundea da, eta, ekintzaileei beren abileziak eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko prestakuntza eta programak eskaintzen dizkie. Horretaz gain, ekintzaileei zuzendutako dirulaguntza propioak ere baditu UKUEk.