Berriak

Atzealdea Urola Kostako enpresek beren negozioak egoki komunikatzen dituzten aztertzeko tresna

3
Pao Pao Elkarteak eta Urola Kostako Udal Elkarteak garatu dute, lankidetzan. Maiatzaren 25ean egin dute aurkezpena eta eskura dago, interneten.

2017·05·26


Urola Kostako enpresek beren negozioak egoki komunikatzen dituzten aztertzeko tresna kaleratu dute Pao Pao Elkarteak eta Urola Kostako Udal Elkarteak, lankidetzan.

Pao Pao Elkarteak, kalitatezko komunikazioaren bidez bailarako enpresei hazten lagundu nahi dien elkarteak, komunikazio egokiaren ikuspegitik enpresen egoera ezagutzeko aukera ahalbidetzen duen autodiagnostiko testa aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteko ekitaldi aretoan. Halaber, ekitaldian, beren negozioetan komunikazioa integratu duten enpresarien esperientziak entzuteko parada izan da. Enrique Arrillagak, Muebles Lufeko kudeatzaileak, Luisa Villegasek, Artzai Gazta Elkarteko koordinatzaileak eta Carmen Arrazolak, komunikazio estrategian aholkulariak, beren bizipenak helarazi dituzte. Orobat, guzti horren lekuko izan dira hogei enpresari inguru eta Igor Iturain, Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakaria.

Gabezia guztiek izan ohi dute irtenbidea, formularen bat, sendabideren bat. Denbora da Urola Kostako Udal Elkarteak bailarako enpresen komunikazioaren alorrean beharrizan bat detektatu zuela. Egoerak larrituta, bide berri bat ekin eta bustitzea erabaki zuen, Pao Pao Elkartea sortuz, komunikazioa balioan jartzea helburu hartuta.

“Guzti honen hastapenak egunerokoan gure sektoretik behin eta berriz ikusten dugun errealitatea ikuskatzetik hasi zen, gure bailarako enpresa askok ez dituztela komunikazioak eskainitako aukerak baliatzen enpresa gisan hazteko. Horrela jaio zen Pao Pao. Elkartea ondorengo enpresek osatzen dugu: A3, Arroka, Debolex, Dhemen, Gráficas Ilba, Kultur Atelier, Lombok Design eta Otzarreta”, azaldu dute elkartetik.

Hilabete askoren lanaren ostean elkarteak komunikazio egokiaren ikuspegitik enpresen egoera ezagutzeko aukera ahalbidetzen duen termometro eta sendabidea sortu du, autodiagnostikorako test eta bere irtenbide posiblea, Pao Pao salmentantak, negozioen hazkuntzarako tantak.

Gaur arratsaldean, Urola Kostako Udal Elkarteko ekitaldi aretoa autodiagnostiko testaren aurkezpenaren lekuko izan da. Testa komunikazioaren alorrean bere egoera ezagutu nahi duen enpresa eta negozio guztien eskuragarri jarri da:

Testaren aurkezpenaz haratago, Igor Iturainek, Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakariak, bailaran detektatutako gabezia azaldu du, baita enpresen komunikazioaren egoera neurtuko duen tresna sortzearen ideiaren hastapenak.

“Urola Kostako Udal Elkartearen gisako entitate batek kolaborazioa eskatu eta mota honetako egitasmoak martxan jartzera animatzeak, komunikazioak duen garrantzia azpimarratzen du eta, aldi berean, gizartearen garapenerako lagungarri da”, azpimarratu dute Pao Pao Elkartetik.

Jarraian, Enrique Arrillagak, Muebles Lufeko kudeatzaileak, Luisa Villegasek, Artzai Gazta Elkarteko koordinatzaileak eta Carmen Arrazolak, komunikazio estrategian aholkulariak, komunikazioaren alorrean izandako bizipenak helarazi dizkiete ikus-entzuleei, zer aportatu dieten, zein diren beren negozioen promoziorako hartu dituzten bideak… Finean, komunikazioaren praktika onen adibideak jarri dituzte mahai gainean.

Autodiagnostiko testa

Nire negozioa egoki komunikatzen al dut? Autodiagnostiko testaren helburua negozioak promozionatzeko existitzen diren baliabideak ezagutzean datza. Testaren amaieran emaitzen balorazioa jasotzen da.

Hamasei, galdera kopuru hori da galdetegian erantzun beharrekoak. Hortaz, diagnostikoa egiteak ez du denbora asko behar. Erraza, argia eta funtzionala, diagnostikoaren ezaugarri nagusia. Orokorretik zehatzera, enpresa motatik komunikaziora jauzi eginez. Behin galdetegia amaituta, enpresa bakoitzaren diagnostiko sakonena ematen da ezagutzera, 50 puntutatik zenbat eskuratu diren zehaztuta. Aldi berean, hausnarketara bideratzen duten zenbait argibide eta galdera ere jartzen dizkio mahai gainean testa erantzuten duen enpresariari.

Pao Pao Elkartea

Pao Pao Urola Kostako komunikazioaren eta arte grafikoen sektoreko enpresa talde batek osatutako elkartea da. Helburua eskualdeko enpresei kalitatezko komunikazioaren bidez hazten laguntzea da.

“Pao, pao, pao, pao…!” ume hotsak entzuten ziren Zarauzko kaleetan udal-zerbitzuetako langileak tutu malguekin kaleak garbitzen zituzten bitartean. Hortik dator elkartearen izena, izan ere, pao pao egitea komunikazio estrategia egoki batek ahalbidetzen duena da, bustitzea, barneratzea. Tantaz tanta, Pao Pao Elkarteak Urola Kosta egoki komunikatua egotea nahi du. Berengana jotzea konponbidea izan daiteke. Urola Kosta. Ongi komunikatua.

1 2 3