Berriak
Atzealdea Urola Kostako Udal Elkarteak, Gipuzkoako beste 10 garapen agentziekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ekonomia sustapenerako gobernantza eredu berri bat garatzeko hitzarmena sinatu du.
2017·06·06
Hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan ziren gure eskualdeko hainbat udal ordezkari, hala nola, Xabier Txurruka (Zarauzko alkatea), Angel del Hoyo (Orioko zinegotzia), Nekane Arrizabalaga (Aiako alkatea), Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria eta Udal Elkarteko garapen agentziako hainbat teknikari.
Lehen aldiz sinatu den lankidetza hitzarmen hau 2021 urtera arte egongo da indarrean, eta estrategiak ezartzeko, programak garatzeko eta tresna berriak sortzeko lankidetza eredu bat zehazten du.
Hitzarmen honek erakunde ezberdinen arteko elkarlana sustatzen du Gipuzkoa garatu eta kohesionatu bat izanik xedea. Zehazki, hitzarmenaren puntu esanguratsuenetakoa Gipuzkoa Sarean proiektuan orain arte existitu diren espazioen formalizazioa da. Espazio horiek honako hauek dira: Eskualde Arteko Mahaia (EAM), garapen agentzietako lehendakari eta zuzendariek eta Aldundiko kideek osatzen dutena, gobernantzan aurrerapausoak eman eta lurralde politiketan lehentasunak definitzera zuzendua; eta Fazilitadoreen Mahaia, garapen agentzietako teknikarien eta Aldundiaren elkarlanerako espazioa, gaitasunak sortzera bideratuta; eta Talde Eragilea, Aldundiko kabineteko eta proiektuaren koordinaziorako, Kabineteko eta Ekonomia Sustapenerako departamentuko kidek osatuta.
Gipuzkoa Sarean 2009an martxan ipinitako proiektua da lehiakortasuna hobetzen laguntzeko eta lurralde garapenerako eredu berri bat eraikitzeko helburuarekin. Gainera, azpimarratzekoa da, alderdi politiko desberdinen oniritzia du.
Gure eskualdearentzat, hitzarmen hau oso da garrantzitsua alderdi desberdinetatik baina, batik bat, gure lana eta baliabideak aitortu eta gure enpresekin lanean jarraitzeko bide berriak ezartzen dizkigulako. Espero dugu, sinadura hau lehen pausoa izatea beste askoren artean.