Berriak

Atzealdea Emakumeen ekintzailetza gizarteratuz: Eskualdeko Emakume Ekintzaileen topaketa

Topaketa urriaren 18an izango da, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan eta helburu izango du Kostako emakume ekintzaileen lana balioan jarri eta gizarteratzea. Parte hartu nahi duten emakumeek aurrez izena eman behar dute urriaren 13rako.

2023·09·25


Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresa Sustapen zerbitzuak urteak daramatza eskualdeko enpresari eta ekintzaile askoren proiektu zein negozioak babesten eta bultzatzen. Era berean, eskualdearen onura ekonomiko eta soziala sustatzen du, enpresa sustapenaren bitartez.

Zerbitzu honetan hazi eta indartutako proiektuei erreparatuz, Horietako asko emakumezko ekintzaileek sortutakoak direla atzeman da, eta horri helduta, errealitate hau ikusaraziko duen topaketa antolatu da.

Ekitaldiaren helburua da emakume ekintzaileek beren bizipenak, zailtasunak eta arrakastak elkarbanatzea eta beste ekintzaile eta enpresariekin sarea egitea.

Balorizazio topaketa, urriaren 18an

Ekitaldia urriaren 18an izango da, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan eta emakume ekintzaileek eskualdeko enpresa-ehunari egiten dioten ekarpen esanguratsua azpimarratzeaz gain, hauen lana balioan jarri eta gizarteratzea du helburu topaketa honek. Era berean, ekiteko orduan emakumeek dituzten behar bereziak eta erronkak identifikatu eta azaleratu nahi ditu.

Halaber, ekintza honen bidez ekintzailetzaren eta bereziki emakume ekintzaileen garrantziaren inguruan sentsibilizazio-lana ere egin nahi da eskualdean.

Emakume ekintzaileen saretzea

Topaketaren bitartez, gainera, emakume parte hartzaileek aukera paregabea izango dute beraien proiektuari ikusgarritasuna emateko.

Horretarako, nahi izanez gero, komunikazio eta marketin enpresa batek bakoitzaren proiektuari kartel bat egingo die, eta proiektuen kartelak erakusketa modura jarriko dira ekitaldian. Gainera, emakume ekintzaileen proiektuak batzen dituen esku-orri bat ere garatuko da.

Topaketaren egitaraua:

  • 9:00-9:10: Harrera
  • 9:10-9:30: Aurkezpena
  • 9:30-10:30: Proiektuen Txokoa – Emakume ekintzaileen eta hauen proiektuen aurkezpena.
  • 10:30-11:15: Gu mimatzeko txokoa – Coaching saioa – Bizitza pertsonala eta profesionala uztartzea.
  • 11:15-11:30: Atsedena
  • 11:30-12:15: Gu mimatzeko txokoa – Coaching saioa (2. Zatia) – Bizitza pertsonala eta profesionala uztartzea.
  • 12:15-12:45: Motibazio txokoa – Enpresa Sustapen zerbitzuaren bitartez emakume ekintzaile batek ekindako negozio arrakastatsu baten kasuaren aurkezpena.
  • 12:45-13:45: Bakarrik ez sentitzeko txokoa – Emakume ekintzaileen harreman-sarea sendotuz.

Hori horrela, Urola Kostako Udal Elkarteak enpresa-garapenarekin, genero-ekitatearekin eta lan-munduan sartzearekin duen konpromiso irmoari erantzuten dio topaketa honek.

Izen-ematea

Topaketa hau emakumeei zuzendurikoa da eta interesdunek aurrez izena eman behar dute. Horretarako bi aukera dituzte:

  • Beraien proiektua ikusarazi nahi duten emakume ekintzaileak: bere proiektuaren kartoi lumazko kartela garatuko da eta ekitaldian erakusketan jarriko da. Izen ematea urriaren 2a baino lehen egin behar da, esteka honetan.
  • Ekitaldian parte hartzeko (proiektuaren kartelik gabe) izen ematea zabalik egongo da urriaretn 13a arte, esteka honetan.

Argibideak eta informazio gehiago

Enpresa Sustapen Zerbitzua (Johanna Pino)

  • 943 89 08 08
  • jpino@urolakosta.eus