Berriak

Zaintza eta teknologia uztartzen dituen SILVERBOTak proiektuan ari da lanean Urola Kostako Udal Elkartea

Proiektu honen helburua da zentro gerontologikoetan eta eguneko zentroetan robot sozialaren erabilera sustatzea, adineko pertsonei ematen zaien arreta eta zerbitzua hobetzeko.

2024·05·24


Biztanleriaren etengabeko aldaketa demografikoak eta zahartzeak errealitate horri lotutako erronkei aurre egiteko estrategia berriak garatzera bultzatzen ditu erakunde publikoak.

Hortik abiatuta sortu zen, esaterako ADINBERRI, Eusko Jaurlaritzaren Zahartze Aktiborako Euskal Estrategiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren baitan. Orain bada, Adinberri estrategiaren pean, SILVERBOTak ekimenean ari dira lanean Urola Kostako Udal Elkartea eta Gipuzkoa mailako beste hainbat eragile.

Proiektu horren helburu nagusia da zentro gerontologikoetan eta eguneko zentroetan robot sozialen erabilera sustatzea, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko eta zahartzearekin lotutako arazo fisikoak, kognitiboak eta sozialak atzeratzeko.

Zaintzari loturiko teknologia

SILVERBOTak ekimena adinekoen zaintzan teknologia aurreratuak txertatzeko asmoz sortu da, Pepper robot humanoidea bezalako robot sozialen erabilera sustatzeko, hain zuzen. Robot horiek eguneroko jardueretan ez ezik, egoiliarren estimulazio kognitibo eta soziala hobetzen lagundu dezakete.

Robot sozialak erabiltzen ikasteko prestakuntza

Joan den maiatzaren 16an eta 17an, prestakuntza zehatza eskaini zitzaien zentro gerontologikoetako edo eguneko zentroetako langileei, Donostiako Easo Politeknikoan.

Saio horietan, Pepper robot humanoidearen oinarrizko erabilera ikasi ahal izan dute, tresna teknologiko horrekin ohitzeko eta eguneroko zaintza-ingurunean dituen aplikazioak esploratzeko aukera jasoz.

Zaintza-teknologia egoitzen eta eguneko zentroen benetako beharretara egokituta

Robot sozialen erabilerak egoitzetako eta eguneko zentroetako benetako premiei behar bezala erantzuten diela ziurtatzeko, datu bilketa prozesu bat burutu da aurten, inplikatutako taldeei zuzendutako inkesten bidez.

Horrela, hiru inkesta mota egin dira: bat zentro eta egoitzetako zuzendaritzari bideratuta, bestea zentro horietako langileentzat eta hirugarren eta azken inkesta erabiltzaileentzat. Azken hauek familien laguntzarekin osatu dute inkesta. Hemen ikusi daitezke galdetegi horretan jasotako emaitzen ondorioak.

Hala, galdetegi horien bidez jasotako informazioa funtsezkoa izan da hobekuntza-arloak identifikatzeko eta Pepper robotaren funtzioak Gipuzkoako zaintza-inguruneetara egokitzeko.

Urola Kostako Udal Elkarteak, ADINBERRIrekin eta beste eragile batzuekin batera, lanean jarraitzen du zaintza arloan teknologia berriak modu eraginkorrean integratzeko, profesionalek zein egoiliarrek berrikuntza horien onura izango dutela ziurtatuz.

SILVERBOTak proiektuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, proiektuaren webgunea bisitatu daiteke: SILVERBOTak.