Berriak
Atzealdea Zarauzko Udalak enplegua bultzatzeko eta inbertsioak egiteko 150.000 euro banatuko ditu diru-laguntzetan Zarauzko enpresa eta ekintzaileen artean
2016·07·14
Zarauzko Udalak ekintzailetasuna bultzatzeko, enplegua sortzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko oinarriak onartu zituen azken udalbatzan, udal gobernua osatzen duten EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien botoekin.
Jesus Arana Ogasun zinegotziak (EAJ-PNV) eta Urola Kostako Udal Elkarteko komunikazio arduradun Xabier Urdangarinek azaldu dituzte prentsaurrekoan oinarri horien nondik norakoak eta enplegua bultzatzeko, Zarauzko Udalak, guztira, 150.000 euro bideratuko dituela jakinarazi dute.
Mankomunitateak kudeatuko ditu diru-laguntzak eta horretarako hitzarmena sinatu berri dute bi erakundeek. “Zarauzko Udaletik garbi genuen ekonomia sustatzeko diru-laguntzak ez direla nahikoa. Ekintzaileekin bidelagun izan nahi dugu eta horretarako Urola Kostako Udal Elkarteak baliabideak ditu. Era berean, beste diru-laguntza batzuetarako ere Mankomunitatean dugu sarrera egokia. Zer esanik ez enplegua sustatzeko ere. Zentzu honetan Udal Elkarteak dituen baliabideak indarrean jarri nahi nituzke. Eta bereziki gazte ekintzaileek beren proiektuak aurrera ateratzeko gure laguntza izango dutela gaineratu nahiko nuke”, nabarmendu du Aranak.
Laguntza hauek Zarauzko enpresa eta ekintzaileentzat dira eta hiru lerrotan banatzen dira:
- Enpresa-proiektu berrien sustapena: enpresa ideia landu eta enpresa sortzeko laguntzak. 50.000 euro.
- Enpleguaren sustapena: lanpostuak sortzeko laguntzak. 50.000 euro.
- Inbertsioetarako laguntzak. 50.000 euro.
Mankomunitateko Xabier Urdangarinek zehaztu ditu atal bakoitzeko baldintzak:
Enpresak sortzeko laguntzak
Honela, enpresa-proiektu berrien sustapenerako diru-laguntzen kasuan, 2016an alta ematen dutenek eta egoitza fiskala Zarautzen dutenek izango dute eskaera egiteko aukera. 1.000-1.300 euro arteko diru-laguntzak banatuko dira lerro honetan eta lehiaketa bidez emango dira.
Lanpostuak sortzeko diru-laguntzak
Lanpostuak sortzeko laguntzei dagokionez, langilea kontratatu duen enpresak edo autonomotan alta egin duen ekintzaileak jasoko ditu. Kontratua edo alta 2016koa izan beharko du eta egoitza fiskala Zarautzen izan beharko dute. Diruz lagundutako kontratuaren iraupena gutxienez lau hilabetekoa izango da eta lanaldia, gutxienez %75ekoa. Autonomoen erregimenean alta ematen duten eskatzaileen kasuan, alta egoeran egon beharko dute, gutxienez, hamar hilabete. Laguntzak lehiaketa bidez emango dira eta autoenpleguaren kasuan, 800 eta 1.300 euroko bitartekoak izango dira eta enpresen kontratazioagatik 800-1.600 euro emango dira.
Inbertsioetarako diru-laguntzak
Inbertsioetarako diru-laguntzen kasuan, egoitza fiskala Zarautzen izan beharko dute interesatuek eta 2014ko uztailaren 1a baino lehen sortutako enpresa izan beharko da. Diruz lagundutako inbertsioa aurten eginikoa izan beharko du eta gutxienez, 2.000 eurokoa. Atal honetako diru-laguntzak lehiaketa bidez emango dira. Diru-laguntzaren kopurua izango da, gehienez ere, inbertsioaren %30 eta gehienez 2.500 eurokoa.
Datorren uztailaren 18an (astelehena) argitaratuko dira oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta asteartetik aurrera izango da eskaerak egiteko epea zabalik, irailaren 30era arte.
Eskaerak Urola Kostako Udal Elkartearen Erregistro Orokorrean (Urdaneta bidea 6, Zarautz) egin beharko dira.
Argibideak
Zarauzko Udala, Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, tel. 943005100
Urola Kostako Udal Elkartea, tel, 943890808