Berriak
Atzealdea

Urriaren 10ean hasiko da Big Data eta Data Science-ari buruzko 148 orduko online prestakuntza programa

Ikastaroan zehar datu masiboak behar bezala prozesatzeko konpetentzia teknikoetan gaituko dira parte-hartzaileak

2022·09·23


Eraldaketa digitalaren testuinguruan, gero eta garrantzitsuagoa da askotariko datuak kudeatzeko gai izatea eta berebiziko garrantzia du datuak nola prozesatu, partekatu edota babestu jakiteak.

 

Hori dela eta, IzanBeDigitalaren 3. Edizioa antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak eta edizio horren gai ardatza, hain zuzen, Big Data eta Data Science izango dira. Ikastaroaren bitartez, datuak bistaratzeko eta tratatzeko prozesuari buruzko ikuspegi orokorra eskainiko da, eta, bereziki, enpresek beren Big Data estrategia definitzerakoan kontuan hartu beharreko alderdietan sakonduko da. Horretarako, informazio trukaketa, prestakuntza eskolak eta tutoretza-saioak uztartuko dira.

 

Erabat praktikara bideratutako ikastaroa izango da. Izan ere, Big Data eta Data-Science-ari buruzko adibide praktikoak eta aplikazioak ezagutzeko aukera eskainiko da. Printzipioz, eskualdeko herritar guztiei bideratutako ekimena da, baina ikastaroan parte hartzeko, ezinbestekoa da Lanbide Heziketako goi mailako ziklo edota Unibertsitateko ikasketen jabe izatea eta excel tresna menderatzea.

 

Programaren xehetasunak 

 

148 orduko ikastaroa izango da; urriaren 10etik abenduaren 2ra arte. Saio guztiak online izango dira; goizez; 09:30etik 13:30era. Euskarrien eta metodologiari buruzko xehetasun guztien berri emateko, aurre-saioa egingo da urriaren 7an (ostirala); 09:30etik 11:30era.

 

Hauek dira programarekin lortu nahi diren helburuak:

 

  • Testuinguru profesional batean, datuak behar bezala aztertzeko eta informazioa bistaratzeko, beharrezko jarduerak identifikatu, aztertu, planifikatu eta antolatzeko gai izatea
  • Datuak aztertzeko eta bistaratzeko teknika aurreratuak erabiltzea beharrezkoa den kasuetan, datu-iturri heterogeneoetako (datu irekien iturriak, dokumentu teknikoak, artikulu espezializatuak, webguneak edo enpresaren barne-dokumentazioa…) informazioa biltzeko, hautatzeko eta iragazteko gai izatea.

 

Hauexek dira saioetan landuko diren eduki- zehatzak:

  • Datu baseetara sarrera eta SQL lengoaia (16 ordu)
  • Datuak ateratzeko, atzemateko eta arazteko metodoak (16 ordu)
  • Estatistika eta Big Data (12 ordu)
  • Datuen analisia (16 ordu)
  • Bisualizazioa (36 ordu)
  • Datuak prozesatzeko ingeniaritza (16 ordu)
  • Adimen artifizialeko teknikak (36 ordu)

Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Izena emateko orria eta ezagutza-balorazio galdetegia eskura daude Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Aurrez aurre ere egin daiteke izen-ematea Udal Elkarteko egoitzara bertaratuta.

 

Argibideak edo informazio gehiago jasotzeko

 

Urola Kostako Udal Elkartea, Garapen Agentzia / Enplegu Zerbitzua